Jolas-mota: Tailerrak Adina: 11-14 urte Iraupena: 120-180 minutu Partaide-kopurua: Talde txikia Monitoreak: Gidari Hizkuntza lanketa: Ezagutza (lexikoa) Materiala: Herbarioak, belarren fitxak, kontsulta liburuak, aerofixa, errotulagailuak eta kartulinak.
Azalpena:
Irteera egin aurretik helburuak azalduko zaizkie umeei:
Belarrak ezagutzea eta zaintzea (sendabelarrak bereziki).
Sendabelarrak erabiltzeko antzinako usadioa azaldu eta ingurugiroarekiko lotura sakona azpimarratu.
Belarren fitxa bete, herbario txiki bat osatzeko aukera emanik. Hamar-hamabi umek osatzen du taldea. Hiru taldetxotan banatzen ditugu. Edozein belarren ezaugarriak jasotzeko balio duten fitxak banatuko zaizkie (belarraren izena, non aurkitu duten, loreak badituen...). Irteeran taldekide guztiak irakaslearekin batera joango dira, baina talde txikietan egingo dute lan. Irakasleak taldez talde laguntza emango die. Irteerako ibilbidea ez da edozelakoa izango. Irakasleak aurretiaz ezarritako inguruetatik egingo da, zein belar jaso daitezkeen zehazten delarik. Ibilbide bakarra egin beharrean bi edo hiru egin daitezke. Talde txiki bakoitzak lau belar jasoko ditu eta berauei dagokien fitxa bana beteko du, geroago kartulina batean (65 x 50 cm.) itsatsiko dira herbarioa osatzeko. Irteera burutu ondoren, talde txiki bakoitzak bere lanaren berri emango dio talde osoari kartulinaz baliatuz. Kartulina eskolara eramango dute.
Aldaera: Tailer moduan ez ezik, mendiko irteera moduan ere egin daiteke.