Jolas-mota: Tailerrak Adina: 7-14 urte Iraupena: 300 minutu (hainbat saiotan Partaide-kopurua: Talde txikia Monitoreak: Gidari Hizkuntza lanketa: Erabilera trinkoa Materiala: Mozorroak, osagarriak, gidoiak, errotuladoreak, margoak eta paper handia.
Azalpena:
Gure lan jarduna hiru saiotan banatuko dugu. Saio bakoitza ordu eta erdi ingurukoa izango da. Prest dagoenean, beste saio batean, emanaldia egingo dugu. Hasteko, gidoiak aukeratuko ditugu, horretarako hainbat arlo kontuan izanik: hizkuntza maila, partaide kopurua, adina, izaera, tokia eta behar dugun materiala.
LEHENENGO SAIOA: lehenik, antzerkia zer den azalduko dugu eta jarraituko ditugun pausoak zeintzuk diren zehaztu. Ondoren, gidoia aurkeztu, irakurri eta pertsonaiak banatuko ditugu. Pertsonaiak aukeratzerakoan hainbat bide har daitezke. Ahal bada euren nahia betetzen saiatu, arazoak sortzen badira zozketaz erabaki eta haur bakoitzaren ahalmenak kontuan izan (hizkuntza aldetik, buruz ikasterakoan eta antzezterakoan). Gidoia bi edo hiru aldiz irakurri, bakoitzak bere papera jarraituz (ondo ahoskatu eta landu intonazioa) eta entsegu txiki bat egin.
BIGARREN SAIOA: Gidoiekin entsegua egin, mozorroak aukeratu, kokapena zehaztu eta apainketarako behar ditugun horma-irudiak eta osagarriak prestatu.
HIRUGARREN SAIOA: Entseguak egin dena ondo atera arte, emanaldian izango den bezala. Kontuan izan beharreko puntuak: ikusleei bizkarrik ez eman, garbi eta ozen hitz egin, zerbait ahazten denean asmatu egin behar dela esan eta bakoitzaren sartu-irtenak eta kokapenak zehaztu.
Aldaera: 1.- Behar adinako heldutasuna baldin badute, gidoia asmatzea ikasleen esku utz daiteke. Prozesua luzatu egingo da. 2.- Gidoiaren testua banatu gabe, argumentuaren ahozko azalpenak egin eta behar adina aldiz errepikatu. Kasu honetan, ikasleek beren hitzak erabiltzea da helburua.
Oharra:
Agerraldien arteko tartea motza izan behar da. Horretarako, dekoratuak aldatzerakoan praktikotasunez jokatu. Azken entseguak eta emanaldia toki berean izatea komeni da.